Les Tanneries gune autonomoa defenda dezagun - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - 9 urte iraun eta gero, "Les Tanneries" gune autogestionatua mehatxupean dago une honetan, hain zuzen ere medikuntza gune pribatu bat egiteko proiektuaren mehatxupean. Dijon hiriko alkatetzak bultzatu du proiektua. Jakin berri dugu udaletxeak jada hasi dituela negoziazioak enpresa eraikitzaileekin gure gune okupatua eta inguruko lursailak saltzeko. Azkar mugitu beharra dugu. Horregatik idatzi dugu jarraian datorren manifestua. Bertan azaltzen da nola eta zergatik borrokatuko dugun gure gune liberatua defendatzeko. Dijon-eko udalbatza biltzen zen bitartean eginiko okupazio ekintza bati esker, eta baita mundu osotik heldutako email andanari esker udaletxeak atzera egindu apur bat. Esan badiote beraien planak berrikusteko asmoa dutela, gure etxea eraikuntza planetatik at utzi asmoz. Baina ez dago hau bermatuko duen zantzurik, eta are gehiago, ez da egongo baldin eta presio neurriak mantentzen ez baditugu, alerta berri baten aurrean erantzuteko prestatzen ez bagara. Azken egun hauetan zuen sostengoa eman diguzuen guztioi zera esan nahi dizuegu: "Milesker bidali diguzuen indar eta laguntzagatik". Berriz ere animatzen zaituztegu zuen haserrea email, eskutitz edo telefono bidez adieraztera: Mairie de Dijon, M. François Rebsamen, Telefonoa: (+33|0)-380-745-151 place de la Libération, E-maila: francois.rebsamen@ville-dijon.fr 21000 Dijon, France. Presioa mantendu eta mobilizazio handiago batetarako prestatzea ezinbestekoa da! * * * Inolako galdeketarik gabe, eta hauteskunde garaian nabaria izan ohi den isiltasunaz, alkatetzak, Frantziar Alderdi Sozialistak alegia, "Les Tanneries" gune autogestionatua arriskuan jartzen duten erabakiak hartzen ditu. Gune autonomo honetan, besteak beste, ekimen sozial, kultural eta politikoak burutzen dira. 1998an ireki genuen eta ez dugu bertatik alde egiteko asmorik! Bost urtetan zehar kanporatzearen kontrako etengabeko borrokan aritu ondoren, eta urte batzuetako lasaitasuna eta gero, gaurkoan adierazi nahi dugu "Les Tanneries" gunearen aldeko manifestapen eta ekintzei berrekingo diegula. Nahiz eta 2002an adostasun akordio bat lortu genuen, hasieratik bagenekien argi ibili beharko genuela. Martxoaren hasieran, gure gunea arriskuan jarri zezaketen hainbat proiekturi buruzko txutxumutxuak entzun eta gero, udaletxekoekin kontaktuan jarri ginen, egia jakin asmoz. Nahiz eta behin eta berriz telefonoz eta postaz informazioa eskatu dugun ez dugu inolako erantzunik jaso. Duela bi egun, fidagarria den iturri bati esker jakin dugu herriko administrazioak idatzizko eskaintza formal bat igorri diola "Générale de Santé" enpresari, nahiz eta oraindik ez den ofizialki azaldu. Proposamen honen helburua enpresa honi hainbat lursail eskaintzea litzateke, haietako bat gu bizi garen etxea delarik. Lursail hauek proiektu erraldoi baterako erabiliko dira: Hamar hektarea izango dituen klinika pribatu bat eraikitzea. Proiektua 2009an amaitzea espero dute. Geure buruari galdetzen diogu: Europa osoan eta neo-liberalen pribatizazio politika dela eta osasun zerbitzu publikoak arriskuan dauden garaiotan, zergatik nahi du Dijoneko udalak bi abiadura baliatzen dituen osasunbidea defendatu? Ez ote da estrategia honekin udaletxekoek enpresa honi fabore egin nahi diotela? Hain zuzen ere enpresa hau Europa mailan eta osasunbideari dagokionez garrantzitsuenetakoa da; 2006an 1714 milioi euroko salmentak lortu zituen eta neurri handi batean Vivendi enpresak kontrolatzen du. Bada haien monopolioa ahalbidetzeko hiriko erdigunetik eta ospitale publikoaren parean dauden lursail batzuk eskaintzen dizkie udalak. "La Générale de Santé" k erabaki hau profitatu nahi du hirian dauzkan klinikak ixteko, legeak dioenaren arabera berritu eta konpondu ordez. Nahiz eta propaganda asko egiten duten hiritarron parte-hartzearen inguruan, alkatetzak ez digu inoiz ezer galdetu erabakiok hartu aurretik, eta ez die galdetu ezta ere auzoko jende eta erakundeei. Ez baitute soilik gure espazioa mehatxupean jartzen, baizik eta era berean hiriko zati handi baten etorkizuna erabakitzen ere. * * * # Zergatik defendatu behar dugu trinkotasunez "Les Tanneries" gunea? Hiri honetan garatzen ari den politikaren bitartez, "Eldorado" zinema independentea arriskuan jartzen ari da. Baita ekimen kulturalak burutzen dituen beste toki bat ere: "Le Toboggan". Alkatetzak eta Alderdi Sozialistak "Les Tanneries" desagertzea nahi badute, konpromezua hartzen dute honela Frantzia eraldatzeko, baina nola? Berau gizarte autoritario, desinfektatu bat bihurtuz. Erresistentzia, experimentazio eta herri kulturarako espaziorik gabeko gizarte bat sortuz, alegia. "Les Tanneries" gunean ikuskizunetarako gela bat, etxebizitzak, informatika askerako gune bat eta software askearen garapenerako eta interneteko zerbitzari askeen mantenurako gune bat aurki ditzakegu. Baita arropak zein beste hainbat produktu dohainik hartu ahal izateko gune bat ere, edo bizikletak konpondu ahal izateko tailer bat ere. Antzerkirako gune bat eta serigrafiako gela bat ere bada, bileretarako gela bat, ortu bat, prentsa alternatiboa sortu eta banatzeko toki bat, "paperik" ez dutenei laguntza juridiko eta praktikoa emateko bulego bat. Liburutegi bat, tailer ugari... Bertara hurbiltzen dira hamaika erakunde eta elkarte, herriko sareetatik edo nazioartekoetatik etorriak, hainbat eta hainbat ekimen burutzeko: kontzertuak, ekimen kulturalak, ekintzak, tailerrak, esperientzien elkartrukatzea, bilerak... Gune kultural publikoak dirulaguntza erraldoiek mugitzen dituzte. Gune pribatuak komertzio eta inbertsio pribatuek. Bitartean ehundaka pertsona "les Tanneries"-era hurbiltzen dira, kultura independente bat bizirik mantendu asmoz, dohainikakoak edo merkeak diren ekintzetan parte hartu asmoz, era boluntarioan eta elkarlanaren bitartez garatzen den kultura baten parte sentitu asmoz. Bere askatasuna mantendu asmoz, gune hau beti ere dirulaguntzarik gabe eta soldatarik gabe higitu da. Estatu honetan, non autogestionatuak diren guneek errepresio handia jasaten duten, eta ondorioz oso prekario bihurtzen, gurea proiektu xelebrea da, denbora luzez garatu ahal izan duguna. Honegatik proiektu hau erreferentzia antzeko bat da askorentzat, Europako mugimendu kultural autonomo eta partehartzailean. Gune honek ikuspuntu sozial bat praktikan jarri eta garatzeko aukera ematen du, eta baita eredu inposatuei aurre egiteko tresnak garatzeko. Bidea egiten dugu politikoaren eta pertsona mailakoaren arteko hesia apurtzeko. Honetarako antolakuntza eredu parekideak baliatzen ditugu, autoritarismoa eta antolakuntza piramidala baztertuz. Guk oraintxe eta hemen nahi ditugu gure bizitzak eraiki, ez gara iraultzaren zain geldituko. Guk dudatan jarri nahi ditugu logika komertzialak, akumulazioaren logikak. Nahiago dugu erabili eduki baino. Uste dugu gaur egungoa bezalakoa ez den gizarte baterantz ibiltzea posible dela, dominaziorik gabe, faltsukeririk gabe, arrazakeriarik gabe, sexismo eta homofobiarik gabe. "Les Tanneries"-en garatzen dugun proiektuak ,baina, ez du alternatiba inuxente bat izan nahi, boterea zirikatu gabe eta era paraleloan eraikia. Ez dugu zoo folkloriko bat izan nahi, boteretsuen logika demokratikoan onargarri. Hemen baldin bagara gizartea aldatu eta borrokatzeko da. Guk ez diogu borrokari utziko argi utzi nahi baitugu logika kapitalista dudatan jartzea posible dela. Hauteskunde garaietako diskurtso guztietatik haratago doan aldaketak nahi ditugu. Hitzak, badakizue, haizeak eramaten ditu. Espazio honek frogatu du auto-antolakuntza erakundeetatik at posible eta erreala dela. Eta era berean frogatu du ez dela egunen batean borrokatzeari utziko dioten gazte idealista batzuen amets utopikoa. "Les Tanneries", arauen kontra eraikiak izan diren beste hainbat leku bezala gune berezi eta bakana da, ametsen, elkarlanaren, ulermenaren eta borrokaren ondorio. Bere historia belaunaldi ezberdinena da, eta bertako paretetan islatzen dira poztasuna, haserrea, amorrua eta pasioa, abenturak eta emozioak. * * * # Gure proiektua ezin da banandu edo lekuz aldatu. # Auzoan bertan gelditu behar da. Gure auzoa eraldatzeko proiektua edozein izanda ere, hemen eta hamar urtetan zehar eraiki duguna bertan geratu dadin borrokatuko dugu. Hemen geratu daitezen bai eraikin fisikoak eta baita proiektua bere osotasunean. Garbi dago borondate politikoa baldin badago, ikusita inguruan dagoen espazio huts guztia, posible dela arazo honi irtenbide egoki bat ematea. Herritarren babesari esker, presio ugariri esker eta bost urtetan zehar kaleetan burutu ziren hainbat ekintzei esker "Les Tanneries" gune autogestionatua bertan geratu da, tinko. Lau urte beranduago prest gaude berriz toki honen alde egiteko, urte guzti hauetan jaso dugun esperientzia eta kontaktuen bidez erresistentzia mugimendu sendo bat sortzeko. Izan ere naiz eta gunearen inplikazio lokala handia den, jende multzo handi batek sostengatzen du "Les Tanneries", nazioarteko mailan leku honen defentsan parte hartzeko prest dagoen jende multzo handi batek alegia. Espero dugu Dijoneko buruzagien buruetan aurreko asteetan Dinamarkako hiriburuan suertatutako mobilizazio eta borroka egunen oihartzunak izatea. Espero dugu gogoan izatea Europa osoan zehar Ungdomshuseteko gure lagunen alde egin diren ekintzak. Honela beharko du izan, gure borroka globala delako, hemen geratzearen alde, autogestionatutako leku gehiago lortzearen alde, etxebizitza iraultzaileen alde. Nahiz eta oso posiblea den laster era guztietako ekintzetan oinarrituriko kanpaina baterako deialdia egitea, momentuz eta hasteko Dijon-eko udaletxera idatz dezazuen eskatzen dizuegu, "Les Tanneries" dagoen tokian bertan geratzea nahi duzuela adieraziz. Egingo diren ekintza, mobilizazio edo manifestapenen inguruan informazioa jaso nahi baduzue bidali zuen email helbidea edo telefono zenbakia tanneries@squat.net helbidera. Hemen geratuko gara, amorrua alde dugulako! On restera... parce qu'on a la rage ! 2007/03/24, Dijon Espace autogéré des Tanneries http://squat.net/tanneries/ tanneries@squat.net -- "Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek erabiltzen ez dutelako baizik." JosAnton Artze